XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DOLOREETAKO AMA BIRJINA Zer esango dizuet bada? Ez dut izenik.

Esan nahi dut, honenbeste izen ezberdin izan ditudala bat jaioterrian, herbestean bestea, nire senarraren leinukoek eman zidatena ere ezen alferrikakoa bait deritzat beste guztiak arbuiatuz bati soilik lotzea.

Dena den urrutiko Bizkaian dagoen herri batetan ekarri ninduten mundura 1586ko Jaunaren urtean.

Hamar urte bete berriak nituen izurriteak aita eta ama eraman zizkidanean.

Badakit etxeko laugarren senidea nintzela baina aurreko hirurak segalariak ia jaio orduko eraman zituenez, bakarrik gelditu nintzen munduan.

Andra Mariaren elizako serorak hartu ninduen, Durangoko Andra Mariaren elizakoak.

Emakume bitxia zen.

Bere aita Alemaniatik iheska etorritako apaiz kristau baten semea zenez, ez zuen nahi izan alaba herriko neska ezjakin horietakoa izatea eta letzen eta iskribitzen irakatsi zion.

Nik ezagutu nuenean nahiko adinetsua ematen zuen.

Baina oraindik emakume dotorea zen.

Ziur nago gaztetan oso, oso ederra izan behar zela.

Hala ere ez zen ezkondu eta bere etxera hartu ninduenean alaba bati ematen zaion tratuera eman zidan.

- Bart amets bat izan dut.

Ama Birjina bezala koroatua ikusi zaitut, lau ebanjelarien abereak auspez zure aurrean - lehoia, arranoa, idia eta aingerua.

Zertxobait atzerago mordoka jende zegoen, beltzak batzuk, gorriak besteak....

Bai, bai, sinesten ez baduzu ere badirudi gizon eta emakume beltzak eta gorriak daudela....

Eta guzti hauek zure inguruan zeuden lore bitxi zoragarri, usaintsuak zuri jaurtikiz.

Guztiz ezezaguna zitzaidan ez dakit ez ote zen itsasoa -....

Baina oso ongi gogoratzen dut Ama Birjina zu zinela.

Bapatean su ikaragarri batek inguratu zintuzten eta suzko ezpatak ageri ziren guztioi erasoka.

Uhainkada beldurgarri hura iragan zenean odola zirkurutan zebilen itsasoan eta zu zinen, tristezia neurrigabea zure begietan, erasolariek bizirik hartu zuten bakarra... Zu, Ama Birjina.